Albisteak

 

Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkartea Eskolako Agenda 21 programaren kudeatzailea da Enkarterrialdeko eta Mehatze zonako zenbait udalerritan, eta, hori horrela, Agenda 21 markoan lanean ari diren ikastetxeetan Eusko Jaurlaritzaren lehiaketa hau zabaldu du: In Agro Salute “Nekazaritzaren osasuna, gure osasuna”. Lehiaketaren gai nagusia baserritarren lanak gure egunerokoan duen garrantzia da, eta Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten Euskadiko eskola guztiei zuzenduta dago.

Antolakuntzak abentura anitzeko jardueren jardunaldiko hiru sari banatuko ditu, lan saridunaren ikasle guztien artean.

“In Agro Salute” proiektuak helburu bikoitza du: batetik, euskal gizarteari erakustea nekazaritzak izugarrizko garrantzia duela Euskadin, Nafarroan eta Akitanian, eta, bestetik, sektoreko profesionalek gizarteari egiten dioten ekarpenaren inguruan hausnarraraztea.

Hori dela eta, lehiaketaren helburua da talde-lanaren bitartez iritzia ematea gai hauen inguruan: nekazaritzaren gaur egungo egoera eta gizartean duen betekizuna, kalitatezko ekoizpenaren garrantzia edo nekazaritzan jarduten dutenek paisaia mantentzeko egindako ekarpena, bioaniztasuna, kultura edo osasuna.

Lehiaketan parte hartzeko, ikasgelek 30 ikasle izango dituzte, gehienez ere, eta talde bakoitzak lan bakarra aurkez dezake; dena den, talde bakoitzeko irakasleak koordinazio-lanak bete ditzake. Lehiaketa bi kategorietan banatuko da: bata Lehen Hezkuntzako irasleei zuzenduta dago, eta bestea, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei.

Lanak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 4a baino lehen, HAZI Landa Garapeneko Saileko pertsonek eta hiru lurraldeetako landa elkartekideek balora ditzaten. Aintzat hartuko dira interesa, proposatutako gaiaren egokitasuna, originaltasuna eta aurkezpena. Epaimahaiak bi aste beranduago emango du epaia, aurkezpenetarako epea amaitzen denetik, eta maiatzaren 30 baino lehen jakinaraziko da zeintzuk diren talde irabazleak.

Lanak bidaltzeko informazio osoa jasota dago itsasmendikoi.net web orriko In Agro Salute lehiaketaren atalean.

Antolakuntzak hiru sari banatuko ditu, kategoriaren arabera: Lehen Hezkuntzarako saria, DBHko lan onenari saria, eta sari berezia, lan originalenari, edozein dela ere kategoria.

Gela irabazleak abentura anitzeko jardunaldi osoa jasoko du saritzat, eta bi jarduera-programa izango ditu aukeran, ikasle guztiek gozatzeko, 2012ko iraila baino lehen.